vendredi 27 janvier 2017

Peio Jorajuria: Bazkazane ta Alzietako kaperak

Baskazane eta Altzietako kaperak
Peio Jorajuria
Herria 3320 z., 2015eko urriaren 1ekoa.
Joanden astean aipatu dauzuegu, lehen orrialdeko artikulu nagusian, Hergarai Bizi elkarteak Hergaraiko ibarrean antolatua zuen feria. Hau Ahatsan iragan da. Karia hortara, bisitak antolatuak ziren ere Ahatsako bi auzo ttipitako kapera munttoetara, Baskazane eta Altzietakoetara. Bi altxor, bi perla, joanden astean ginion bezala. Aipa ditzagun aldi huntan barnaxeagotik. Kapera horietaz argitasun emaile ginituen Richard Ojalvo kazetari ohia Baskazanekoarentzat eta Odile Contamin arte-historialaria Altzietakoarentzat.
Erdi-Aroko kaperak
Artxiboek 1302kotzat aipatzen dute kapera horien izaitea. Baskazanekoa San Andresi dedikatua da, Altzietakoa aldiz Gurutze Sainduari. Baskazane ez da sekula herri edo parropia izan, Altzietari lotua zen, hau aldiz garai batean parropia ekarria izan da, 19. mende erditsutan Ahatsari lotua izan arte. Erdi-Aroko kaperak balinbadira, barneko apaindurak (erretaulak, margolanak eta bertze) 17. mendekoak dira, 1600 eta 1630 bitartekoak. Bi kaperek biritxiak dirudite, arkitektura berdintsuarekin, bai kanpotik, bai barnetik. Erromanikoak zitezkeen hastapenean, barneko apaindurak aldiz barokoak dira, 17. mendean eginak: margolanak eta erretaulak irudi sinplekoak dira, doi bat inoxentak (naïfs) erran ginezake, eta estilo berezi horrek ematen diote indar. Artista ibiltari zenbaiten lana. Baskazaneko kaperak bi erretaula ditu, erretaula nagusian ageri dela bereziki San Petri Martira, kataroen kontrako dominikano inkisidore handia. Bigarren erretaula, ttipiagoa, “Emazteen erretaula” da deitua, bost emazteren irudiekin, tartean Alexandriako Katarina sainduarena, garai hortan saindu horren izena zaukan kofradia bat izanki eskualde hortan. Altzietako erretaula, aldiz, “Tenpluan haurraren presentatzea” irudiaren inguruan eraikia da. Erretaula horieri so eginez, “antzerki eszena baten aitzinean” girela ematen du, Odile Contaminek zionaz.


XXI. mende hastapenean zaharberrituak izan dira bi kaperak. Berritzearekin, murruak doi bat karrakatu ondoan, margolan koloretsuak aurkituak izan dira, koloreak gaur frangotto histuak balinbadira ere. 13. edo 14. mendekoak zitezkeen. Pareta barnean ere bataioko harria, ateekin. Bi kaperetan, galeria bat bada aitzin partean, hain segur garai bateko familia notableena, xantreak eta musikariek ere menturaz handik bota zezazketela beren kantu eta musikak. Ondoan prediku alkia, hain toki ttipian predikariaren nagusitasuna eta larderia erakusteko ote? Gibel partean ere galeria, tokiko jendetzaren emendioaren lekuko. Ganga aldiz zerugain baten gisa apaindua, izar, eguzki, ilargi eta pertsonaiekin, hala nola apostoluak. Bi kaperetan ere kurutze bana, 15. mendekoa, Kristoren aurpegi baketsu batekin, gutitan ikusten den modukoa. Altzietako sakristian altxor bat ere da aurkitua izan, 12. mendeko grabadura, hau toki onean da haatik ezarria izan, kaperan fotokopia baizik ez dela utzi. Kanpokaldean, hilerriak, harri biribil bakar batzurekin, baxenabartar kurutze frango ba aldiz.
Hitz bat erran dezagun ere Baskazaneko andereserora famatuaz. Euskal Herriak ezagutu duen azken andereserora zagon hor, kapera ondoan zaukala egoitza. Baskazaneko kadira lastoztzaile bati ezkondua zen. Hori ginuen Marie-Louise Cadiou, 1991n zendua eta Suhuskune sorterrian ehortzia. Jendeen oroitzapenetan, egiazko monumentua...

P.J.

Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire