vendredi 27 janvier 2017

Marcel Etchehandy: IHS ohar zenbait

IHS
ohar zenbait

Marcel Etchehandy

Ekaina 1988, n° 27

Gure hil-harri aintzinetan, atarri zenbaitetan, IHS hiru izkiak ikusten dira 16, 17 eta 18-garren mendetan, edo berdin berantago, harrian idatziak ; halaber elizetan tindaturik edo brodaturik. Ainitzek galdegiten dute hizki horiek zer erran nahi duten.
Testamendu Berria grekoz idatzia izan zen lehen mendean, eta ondoko mendeetan idazki hori azkarki hedatu zen, kopiatzaileeri esker. Idazki hortan Jesusen izena noiznahi agertzen baita, kopiatzaileek usaia hartu zuten izen horren laburtzeko. Ez zuten lehen eta azken hizkia baizik idazten, edo lehena bigarrena eta azkena. Hola ikusten da esku-idatzietan IC edo IHC = IH(COY)C, erran nahi baita IESUS (latin hizkietan).
Zenbait menderen buruan, IHC izen laburtu hortako azken hizkia aldatu zen. C (sigma) Slaatin hizki bilakatu zen, bi lehen hizkiak greko zirautela (fig. 1). Ohidura horrek 16-garren mende arte bederen iraun zuen.




IHC-tik IHS-era aldatzea zazpigarren mende aldean izan zen. Lehen lekukoak Justinien II-ren moneda batzutan aurkitzen dira:
Ihs Chs REX REGNANTIUM
Ih(esu)S Ch(ristu)S ERREGE DIRENEN ERREGE
Ez dira bi h horiek hizki greko bezala irakurtzen ahal, hizki latin bezala baizik (1). Eta horra nola hasi bide zen tradizione bat, latin tradizionea, grekoarekin batean biziko dena, mendeak zehar. IHS, tradizione huntan, hiru hizki latin dira, IH(esu)S irakurtzen direnak. Irakur daitezke ere hiru hitz hauen laburketa bezala: Jesus Hominum Salvator = Jesus gizonen salbatzailea.
Ardurenean Jesus Christos bi izen laburtuen gainean marra bat ezartzen zuten kopiatzaileek: edo marra xuxena edo marra husteiduna (fig. 1), hain xuxen izen horiek laburtuak zirela irakurleari adirazteko. Iduri luke h-en hagak, delako marra trebeskako horrekin kurutze bat egin zuela, edo bederen kurutze bezala aditu zela (fig. 2). Kurutze horrek emeki-emeki beregaintasuna hartu zuen, H-en ziri  trebeskakoaren gainean zut-zuta jartzerainokoan (fig. 3).


Bainan IHS kurutzedunaren pean ardura ikusten da gure hil-harrietan bihotz itzedun bat (fig.7). Luxembourgeko Junglinster herrian badira hilerri batzu, erakustoki bilakatuak. Han ikus daitezke hil-harri batzu IHSV idatzirik daukatenak, H kurutzedunarekin (fig. 4). Charente Maritime departamenduan, Macqueville-ko elizan, bataio harriaren gainean gauza bera bada (fig. 5). V hori eratxikitzen bazaio, gure IHS-ek zer erran nahi du bada?
Tradizineak dio Constantin inperadore izan behar zenak, amets bat egin zuela, Maxence bere etsai inperadore gaiaren kontra batalla hasi aintzin, 312-an: Jesu Kristok artamendatu omen zion bere banderetan girixtino seinale bat ezar zezan, segurtatzen ziola: In Hoc Signo Vinces, «seinale horren bidez garraituko duzu» (2). Ez da errana zoin izan zen seinale hura. Girixtino tradizioneak zabaldu bide duke seinale hura kurutzea zela, hain zuzen H-en gainean ezarri dena: seinale HORREN bidez…
Idatzi dautan letra batean, J. M. Corbe-k jakin arazten daut Granville-n Normandian, eliza barreatu batean «Emmaus-eko trapu biltzaileek» ur-benedikatu untzi bat arrapatu dutela, bere harrizko zangoan idatzirik daukana, oso osoan eta jalgi ederrean : IN HOC SIGNO VINCE, «seinale hunen bidez garrait zazu». Delako seinalea, kasu huntan, ez daiteke kurutzea baizik izan, «kurutzearen seinalea» girixtinoak egiten duena, ur benedikatuarekin elizan sartzean. Idazki hunek gorago egin den irakur proposamenari oinarri sendo bat emaiten dio.
Nik dakidala, IHSV-rik ez da Euskal Herrian, bederen Iparraldean, desformaturik baizik. Itxuren arabera, 17-garren mendean gure harri-pikatzaileek ez zakiten V hori zer zen, bainan bai leku hortan zerbait bezala. Bihorz sakrataren debozinea mende hortan zabaldu baitzen bereziki, H-en peko V hori bihotz bilakatu zen (fig. 6) —bihotzak ere hizki horren forma du—. Ardura bihotz hori bi edo hiru itzez zilatu da (fig. 7). Edozoin gisaz, hola ere, V baten forma begiratzen du bihotz itzez zilatuak.


Jesusen izena IHS beste itxura biziki eder batean ere izan da (fig. 8). Hil-harri huntan, IHS hiru hizkiak bat bestearen gainean agertzen dira. Berriki arte beste bi hizkiak Alfa eta Omega bi hizki grekoak bezala irakurri izan dira. Alfabetako lehen hizkiak (Alfa) eta azkenak (Omega) beste hizki guztiak bai eta hizki horiekin egin hitz guziak beren artean dauzkate. Horrengatik bi hizki horiek gauza guzien egilea adiaraz hori adiarazten dute Apokalipsian, liburu hortan bai Aitak eta bai Jesusek baitiote: “Ni naiz Alfa eta Omega”.
Bainan, beharbada, bestela irakurri behar dira bi hizki horiek. Euskal hil-harrietan, ardura, Jesusen eta Mariaren izenak elgarrekin ikusten dira, edo osorik (fig. 9) edo laburturik, IHS MA (fig. 10) edo bat bestearen gainean (fig. 11), girixtinoaren debozionean elgarrekin agertzen diren bezala, ala elizako irudietan (Andredena Maria Jesus Haurra altzoan) ala berdin otoitzean. Eta nork ez dio entzun presuna harritu bati erraiten: «Jesus Maria !» Gainera Omega Euskal Herrian eta Auñamendikatean bestela idatzi izan da mendeetan. Iduri luke beraz fig. 8-an ikusten dena IHS MA (Jesu  Maria) irakurri  behar dela (3).
Heinka eman dugu hemen Jesusen izenaren laburketa baten berri. Ez dugu erran laburketa horrek zer aldaketak ukan dituen Euskal hil-harrietan 16, 17, eta 18-garren mendeetan. Alta hor ageriko zer nola harri-pikatzaile euskaldunak izen hori beretu duen, zer itzulia eman dion, nola sartu duen bere munduan, euskal munduan, ederki frogatuz ez dela kopiatzaile bat izan, bainan zinez sortzaile bat. Hemen errana edozoinek poroga dezake gure hil-harriak kurrituz.

(1)     Dom Cabrol, Dict. d’Arch. et de Liturgie, T. 1, art. Abréviations.
(2)     J. M. Corbe, L’origine du sigle IHS, Historama n° 319, page 100.
(3)     Léo Barbe, Observations générales sur les monogrammes divins, Soc. Arch. et Hist. du Gers, 3e trimestre 1983, p. 286-304



Fig. 8

Fig. 9


Fig. 11
Sur le retable de l'église de Bascassan


Aucun commentaire:

Enregistrer un commentaire